Hileko artxiboak: 2014-10

IRAGARKI BITXIA

    Duela hilabete batzuk YouTuben bideo bat ikusi nuen. Bideoan, gizon bat agertzen zen iragarki bati buruz hitz egiten. Gizon horri harrigarria egin zitzaion iragarki hura eta benetan harritzekoa zen.

    Iragarkiak, ingelesez, honela zioen ( itzulpena jarri dizuet ) “Etorri hona eta probatuko nauzu” edo horrelako zerbait. Imaginatu esaldi hori metroko panel batean ( Estatu Batuetako metro batean zegoen). Baina ez edonon , baizik eta nasaren beste aldean, horma batean esekita. Nasatik, beraz, panela argi eta garbi ikusi zitekeen. Ezetz asmatu zeren berri eman nahi zuen iragarkiak?

    Hilkutxak! Hilkutxak iragartzen zituen. Ez da liluragarria, beraz, komunikazio munduan nola jolasten duten hitzekin? Ez da zorizko gauza justu metroaren toki horretan iragarki hori jarri izana, ezta esaldi hori hautatu izana. Komunikazio munduan iragarkiak helburu edo xede jakin batekin egiten dira eta ahalik eta pertsona gehien erakartzeko. Goian aipatutakoak nire arreta behintzat lortu zuen.

Lehen Mundu Gerran euskal presoei grabatutako kantak entzungai Berlingo Etnologia museoan

1915etik 1918ra, Alemaniako kontzentrazio-esparruetan zientzialariek grabaketak egin zizkieten presoei. Hauen artean, euskarazko 70 kanta baino gehiago daude grabatuta. Grabaketa hauek digitalizatuta, Berlingo Etnologia Museoak erakusketa zabaldu du.

Euskal presoei grabatutako kanten artean, hauek entzun daitezke: Gernikako Arbola, Adios izar ederra, Lili bat ikusi dut, Ziburutik Sararat…   Erakusketan, audioez gain, Lehen Mundu Gerran zehar ateratako argazkiak ere egongo dira erakusgai.

Halere, museoak  ez ditu eremu publikora zabalduko, momentuz behintzat,  grabaketak derrigortutako egoeran sortutakoak direlako.

 

http://www.argia.eus/blogak/urko-apaolaza/2014/10/29/lehen-mundu-gerran-euskal-presoei-grabatutako-kantak-entzungai-jarri-dituzte-berlingo-etnologia-museoan/

EUSKAL KULTURAREN NORTASUNA

BERRIA. 2014-10-25. Donostiako San Telmo museoan “Suturak” izeneko erakusketa ireki dute. Museo honetan orotariko gaiak jorratu dituzte, besteak beste, surrealismoa, indarkeria, feminismoa etab. Erakusketa hamabi ataletan bananduta dago, gaien arabera. Horrela izanik, erakusketa ez da nolanahi antolatu, hasiera eta bukaera du. Kontu handiz egindako antolaketa da, non 82 euskal egileen lanek hartu dute parte eta erakusketaren corpusa osatzen dute .

      Gaiak orotarikoak diren arren barne hausnarketa eragiten duten horietakoak dira gehienak. Askotarikotasun edo anizkotasun hori gure herriaren parte dela isladatu nahi izan dute sortzaile guzti horiek haien ideia ezberdinekin. Horregatik areto batetik bestera 180 graduko bira ematen du erakusketak. Hori da benetan erakusketari identitatea ematen diona. Gainera, euskal kulturaren barnean egindako araketan oinarritu dira collageak, eskulturak, koadroak eta ikus-entzunezkoak egiteko.

   Amaitzeko, esan beharra dago aniztasuna duela, baina osotasuna eta batasuna ere. Puntu batean hasi, hau da, museoaren sarreran, eta puntu berberean bukatzean egindako bidaia osoa da. “Suturak” beraz, inguruari, testuinguruari, Euskal Herriko errealitaterari erreparatzeko proposamena botatzen digu, aniztasun horren jabe izateko. Arratsalde on bat pasatzeko aukera paregabea , ezta?

Nola konfiguratu EHUko e-posta beste hornitzaile (gmail, hotmail, yahoo…)edo aplikazio batean jasotzeko

Azken aldaketa: 2015-02-03.
Izenburu arraroa sarrera batentzat, ezta? Hobeki esanda, izenburu arraroa blog honetako sarrera batentzat. Egia da. Berez, nahiago nuke sarrera hau idatzi behar ez izatea. Agian gehiegi dramatizatzea da, baina, tamalez, sarrera hau EHUko webgunearen informazio sakabanaketaren emaitza da. Informazio hau, noski, ez dago ezkutuan, baina IKTko sailean sartu behar izan nuen lortzeko, eta ondoren, konfigurazio bat aldatzeko ELZri deitu.
TL: DR? Sarrera hau informazio osagarriz, oharrez eta iritziz beteta dago. Zuzenean konfigurazio urratsetara joan .

Zergatik ez dut posta nabigatzailean begiratzen?

Galdera ona. Egia esan, horrela hasi nintzen, nabigatzailetik, baina arazoak eta desabantailak zituen horrek.

  • Irisgarritasuna: Web postan, saioa hastean, “modua” aukera daiteke. Lehenetsia, hau da, “automatikoa” (“dinamikoa” ere deitua), ez da irisgarria . Justuak izateko, ordea, esan beharra dago “oinarrizkoa” eta “mugikorra” moduak irisgarriak direla. Hala ere, nomenklaturari soilik begiratuta, badirudi ezaugarri gutxiago dituztela.
  • Erosotasuna: EHUkoa kenduta, hiru posta kontu ditut. Lehena, Yahookoa, gehien erabiltzen dudana, nagusia; bestea, Gmailekoa, Google zerbitzuetan erabili beharrekoa; eta azkena, spama jasotzeko erabilia. Hirurak posta begiratzeko aplikazioekin begiratzen ditut, bai ordenagailuan bai mugikorrean. Horrela ez dut nabigatzailea ireki behar, mezu guztiak leku batean dauzkat eta aplikazioa irekita edukiz gero, mezu berriak segidan iristen dira. Zergatik izan behar du honek desberdina?

Beraz, posta zerbitzua konfiguratzeko argibideak bilatu nituen. Hau da aurkitu nuena:

Informazio deszentralizatua

Lehen esan den gisara, informazioa oso deszentralizatua dago. Egin ezazue froga bat, mesedez. Sartu bi helbide hauetan: www.ehu.es/correow eta www.ehu.es/tic. Lehenean, begiratu ohiko galderak, eta bigarrenean, egin klik esteka hauetan: zerbitzuakposta elektronikoa. Ez dago nahi den informazioaren arrastorik ez batean ez bestean.

Ohar batzuk

  • Esan gabe doa, baina sarrera honen informazioa zehatza ez baldin bada, iritziarekin ados egon ezean, edo zalantzak edukiz gero, mesedez, utzi iruzkin bat.
  • Esan bezala, Informazioa IKT bizegerentzian dago, eta seguruenik bilaketa bat eginda aurkituko duzue, baina, nire ustez, seinalatu diren bi lekuetan egon beharko luke, eta ez litzateke beharrezkoa izango bilatzailea erabiltzea. Are gehiago: lehentasuna lehen helbideak izan beharko luke, jendea hor sartzen baita posta begiratzera.

Nola konfiguratu E-posta

bai, onartzen dut iruzkinetan eskari bat soilik egon dela, baina hala ere, hau norbaitek irakurri duela eskertzeko-edo, hau egiteko modua lekuz leku argitzen saiatuko naiz. Hauek dira nik erabiltzen ditudan hornitzaile eta aplikazioak. Zuek besteren bat ezagutuz gero, bertan ikertu eta hemen iruzkindu nik gehi dezadan.

Posta hornitzailearen web orritik begiratzen baduzue, EHUko posta kontua bertan jaso eta /edo bertatik bidaltzea konfigura dezakezue. Aplikazio bat erabiliz gero, berriz, Unibertsitateko posta kontua gehitu besterik ez duzue egin behar.
Beste aukera errazago baere omen dago: posta EHUko posta kontutik beste kontu batera birbidaltzeko konfiguratzea, alegia. Hau EHUko Web Postatik egiten da, eta ez dago beheko datuak sartu beharrik. Modu honek soilik posta jasotzea ahalbidetzen du. Hala ere, nik oinarrizko moduan ez nuen aurkitu. Izan liteke modu dinamikoan egotea. Mesedez, aurkituz gero, utzi iruzkin bat zuzen dezadan.

zerbitzuak eta aplikazioak

  • Zerbitzuak:
    • Gmail:
      • EHUko posta begiratzeko: EzarpenakEzarpenakKontuak eta inportazioaGehitu zure jabetzako POP3 posta kontu bat. Hemen Artxibatu mezuak desmarkatu behar da, eta nahi bada, Utzi mezuen kopia bat zerbitzarian ere bai.
      • EHUko posta bidaltzeko: EzarpenakEzarpenakKontuak eta inportazioaGehitu daukazun helbide elektroniko bat. Hemen Tratatu alias gisa desmarkatu behar da.
    • Yahoo
      • EHUko posta begiratzeko: AyudaConfiguraciónCuentasañadir. Hemen Configurarpara recibir mensajes desmarkatu behar da.
      • EHUko posta bidaltzeko: Gauza bera, soilik aurrekoa markatuta.
  • Aplikazioak:
    • Thunderbird: ArtxiboaBerriaPosta kontua. Starssl erabili behar da SMTP zerbitzariaren autentifikazio metodo bezala.
    • iOS: AjustesCorreo, contactos, calend.Añadir cuenta. Bi aldiz konfiguratu behar izan nuela uste dut, lehenengoan urrats batzuk falta baitziren.

Hauek dira jarri behar dituzuen datuak:

  • protokoloa (IMAP edo POP3): Ahal bada, aukeratu IMAP.
  • Sarrera zerbitzaria: ikasle.ehu.es
  • Sarrera zerbitzariaren ataka (port, puerto): 993
  • Irteera zerbitzaria: smtp.ehu.es
  • Ataka: 587

Gainera, bi tokietan, goianezer berezirik jartzen ezbadut, SSL edo TLS segurtasuna erabili eta pasahitza normalaz identifikatu behar da.

Ohar gehiago

  • Aplikazioen kasuan, konfigurazio automatikoak ez dizue balioko, ez baititu datuak ongi hartzen, ezta datu hauek sartzen uzten ere.
  • Aukeratutako metodoaren arabera, gerta liteke datu guzti hauek ez eskatzea. Kasu horietan ez larritu, bete beharreko eginkizuna betetzen bada, konfigurazioa ongi dago. Izen desberdinak erabiltzea ere izan liteke kasua. Zalantzak, lehen aipatu bezala, iruzkinetan.
  • Betiko posta kontua erabili nahi duzuenei: sarrerako datuak dira posta birbidalketan edo inportazioan jarri behar dituzuenak, eta irteerakoak, berriz, EHUko posta bertatik bidaltzeko. Zerbitzu batzuetan, ordea, irteerako konfigurazioan ez dira datu hauek sartu behar, posta bidez egiten baita konfigurazioa.
  • Konfigurazioan hemen aipatzen ez diren datuak agertuz gero, hutsik utzi behar dira, eta behin baino gehiago eskatzen badira, guztietan bete (adibidez erabiltzailea edo pasahitza).
  • Gaineko datuen izenak, Mozilla Thunderbird, IOS, Yahoo eta Gmail zerbitzuetatik atereak dira. Bilatu antzeko zerbait zuek erabiltzen duzuen aplikazio edo zerbitzuan, edo galdetu.

IMAP edo POP3?

Hauek dira bien arteko desberdintasunak:

  • IMAP: mezuak zuen zerbitzuarekin sinkronizatuta daude. Leku eta zerbitzu guztietan daude erabilgarri. Mezuen ezabaketak leku guztietan du eragina.
  • POP3: Mezuak zuen zerbitzura jaisten dira, eta zerbitzaritik ezabatu (kasu gehienetan hau konfiguragarria da). Mezuen ezabaketak soilik zuen zerbitzuak du eragina.

Eta hau da dena, lagunok. Espero dut erabilgarria suertatzea, eta batez ere, zuek aspertu ez izana (gai hauekin kontu handia eduki behar da 🙂 ).
Kritiken, iruzkin positiboen eta/edo negatiboen zain geratzen naiz. Hurrengorarte!

“Ika Mizka. Eta hik nola bizi dunk euskara” egitasmoa martxan.

Egitasmoaren hirugarren edizio honetan indar gehiago bildu nahi izan dira. Oraingo honetan, EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea ariko dira elkarlanean. Horrela bada, proiektuak euskal gazteak euskararen erabileraren garrantziaz ohartarazi nahi ditu, bai eta haren normalkuntza sustatu ere jarrera aktiboagoak eraginez.

Mahai beraren inguruan unibertsitateko ikasleak, herritarrak eta animatzen den oro bildu nahi dira, elkarrizketa ugariak eta iritzi zein ideien partekatzea sustatzeko asmoarekin.

Baina, nola ez, EUSKARAZ!

Aurtengo gaia euskarak lan munduan izan dezakeen garrantzia da. Hauek dira datak:

  • Urriak 30: Mondragon Unibertsitateko enpresagintza Fakultatean, Oñatin.
  • Azaroak 13: Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Kanpusean.
  • Abenduak 3 (Euskararen Eguna): EHUko erizaintzako eskolan, Donostian.

Aurten webgune bat, eta Twitter eta Facebook profilak ere badituzte.
Beraz, joan ala ez, susta dezagun euskara!

EUSKAL KULTURA SUSTA DEZAGUN !

Dantzaren alderdi soziala berreskuratzeko urratsa izateaz gain, euskal kultura sustatzeko bide gisa ere interpreta genezake. Izan ere, orobat, euskal dantzen inguruko ekimena da.

Aiko musika taldeak duela zazpi urte ekin zion Dantzaldi Ibiltariari, eta dagoeneko berrehun mila dantzari zein dantzazale animatu eta hezi ditu. Halaber, ikastaroak ere antolatzen ditu Euskal Herriko hiri nagusietan hasiberri zein jakitunentzat, horrela, zabalkuntza bermatuz. Baina dena ez da horrekin amaitzen, Erriberako Merkatuan erromeria egingo baita ostiralero.

 

Aitzakia paregabea kalera irten eta gure kultura eta ohiturez gozatzeko, ezta?

Isuna kalean berbetan eta partxisean aritzeagatik. Zer gehiago?

Malagan zortzi gazteri 101 €.ko isuna ipini diete lagunartean berbetan eta partxisean aritzeagatik. Antza denez, auzokideei dadoek egiten zuten soinuak enbarazu egiten zieten, eta Malagako Guardia Zibilari deitu zioten.

Autoritateak kontsumizio ilegalak egiten ari zirela diote, baina, zortzi gazte horietako batek adierazi duenez, freskagarriak edaten ari ziren.

Aho bete hortz gera daiteke albistea entzun edo irakurtzen duena, ez duzue uste?

Lehen sarrera

Kaixo eta ongi etorri blog honetara! Hemen gehienbat hizkuntzei buruzko berriak , artikuluak eta abar argitaratuko dira. Gaur bertan hasiko gara, esteka hauekin:

“Estua”, Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua

Santi Leonek eskolan irakasten den euskara batuaren arazoetako bat mahai gainean jartzen du artikulu honekin, hau da, eskolan irakasten den hiztegi urria, lekuan lekuko hitzak ez irakastea, alegia.

Juan Carlos Moreno Cabrerari Para todos la 2 programan elkarrizketa


Mesedez, iruzkindu hemen zuen iritzia, baina niri, benetan, sinesgaitza iruditzen zait telebista publiko batean horrelako galderak egitea, eta gehiago, Moreno Cabrera bezalako hizkuntzalari bati. Horren zergatiak madrildar hizkuntzalari honek hizkuntza gutxituen gainean duen iritzia da. Adibide bezala, euskarari buruzko testu bat aurkitu dut.
Hurrengorarte!