Gabonak laster helduko dira eta horrekin batera loteriako iragarkia

     Pasa den urtean loteriari buruz egin zuten iragarkia nahiko polemikoa izan zen. Baina sarrera honetan, 2014ko iragarkiari buruz hitz egin nahi dizuet. Ikusi al duzue?
Urte honetakoa polita dela esan daiteke. Hunkigarria, behintzat, bai. Ikusi ez baduzue zertaz doan kontatuko dizuet, zuek zeuen ondorioak atera ahal  izateko .

      Gabonak dira eta senar-emazte bikote bati ez zaie loteria tokatu. Justu aurten erosi ez duten lekuan tokatu da, etxe aurrean dagoen tabernan, alegia.  Emazteak senarrari  tabernara joatea aholkatzen dio  zorionak ematera. Senarra nahiko samindurik hara doa eta kafe bat eskatu ondoren, tabernaria zoriondu egiten du. Ordaintzerako orduan, gizonak zenbat den galdetu ostean, tabernariak hogeita bat euro direla erantzuten dio. Senarrak harriturik zergatik ordaindu behar duen hainbeste galdetzen dio. Tabernariak honako hau esaten dio: “Euro bat kafeagatik eta…” gutunazal bat ateratzen du eta honela jarraitzen du : “…eta hogei euroak honengatik”. Suposatu duzuenez gutun-azalean loteriako hamarrekoa (partizipazioa) zegoen. Zer iruditzen zaizue?

    Nire ustez, bi aldeetatik ikusi daiteke. Batetik, iragarki afektiboa dela inork ez luke ezeztatuko baina eskuzabaltasunaren ideia ere argi eta garbi agerian jartzen du. Alde horretatik oso hunkigarria da. Baina bestetik, iragarki guztiek dute zerbait transmititzeko helburua edo xedea eta honako hau ez da salbuespena. Loteriako hamarrekoa (partizipazioa) erosteko grina zabaltzeko helburu garbia dauka, edo beste modu batean esanda, dirua zorian gastatzeko xedea du. Gainera, pentsatu dezakegu tabernariaren eskuzabaltasuna oso ondo dagoela baina ez dio boletoa oparitzen, inola ere ez, partizipazioa erostera nolabait behartzen du.  Jakina, boletoa sarituta egonda,  nork ez luke horregatik ordainduko?

Agertzen den beste aspektu okerra diruaren ikusmoldea da. Izan ere, senarra tabernan sartzean, denak edaten daude jasoko duten diru mordoa ospatzeko. Baina horrek ez du dirua oso preziatua delaren irudia ematen? Nire iritziz, diruak ez du zoriona ekartzen eta justu hori da iragarkian transmititzen dena, diruagatik  dator poztasun guztia.

     Bukatzeko, aipatu behar da, goiko guztia ikuspegi bat besterik ez dela eta iragarkia gustuko izan dezakezue edo ez. Azken egun hauetan izan duen eztabaida ikusita, honen inguruko gogoetatxo bat egitea bururatu zitzaidan eta hau izan da atera dena.

Besterik gabe.

Iragarkia ikusteko esteka: https://www.youtube.com/watch?v=ei-_M_3aTyI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*